Hasiera>Filmatze-baimenak

Filmatze-baimenak

 Araudia

Atal honetan, hirian filmatzeko behar duzun informazio guztia aurkituko duzu. Halaber, Autonomia Erkidegoko legediaren nondik norakoak eta Europak ikus-entzunezkoen arloan daukan politikaren oinarriak agertzen dira.

Gaur egun ez dago Estatu mailako araudirik filmatzeko baimenen inguruan; izan ere, eskuduntzak Estatuko Administrazioaren, autonomia erkidegoen eta herri administrazioen artean banatuta daude.

Bilbon filmatzeko, baimen ezberdinak eskatu behar dira, zer toki aukeratu den, zer-nolako ekoizpena egingo den eta zelan egingo den kontuan hartuta. Eraikin eta lokal pribatuei dagokienez, filmazio-taldearen arduradunek jabearengana jo beharko dute zuzenean.

BiFicen pertsona adituak daude, eta Bilbon filmatzeko behar den dokumentu eta baldintza guztien berri emango dizute. Gainera, herrian irudiak hartzeko baimenak kudea ditzakete. Horretarako, Filmatzeko Baimenen Eskaera Formularioa jarri du eskuragarri, interesa duen orok zer beharrizan dituen jar dezan. Gainera, telefonoz ere egin ahal izango dira filmatzeko eskaerak eta www.bific.com webgunean agertzen diren kokapenei buruzko informazioa zabaltzeko aukera ere izango da horren bidez.

Europan herrialde bakoitzak bere politika dauka ikus-entzunezkoen inguruan, baina Europar Batasunak arau eta arteztarauak ezartzen ditu denoi dagozkigun gaietan, hala nola EBko muga irekien eta lehia bidezkoaren aferetan.

Zerbitzu publikoa emateko irratidifusioa eta salbuespen kulturala dira EBk ikus-entzunezkoen alorrean dituen oinarrietako bi. Batasunak ikus-entzunezkoen sektoreari ematen dion babesa "Lisboako estrategia"ren inguruan kokatzen da. EBko ekonomia munduko lehiakor eta dinamikoena bilakatzea du helburu estrategia horrek.

Neurri garrantzitsuena 89/552/CEE arteztaraua da, Europako Kontseiluak 1989ko urriaren 3an emandakoa; estatu kideek telebistako irratidifusioaren gaineko ekintzak arautzeko dituzten lege, araudi eta administrazio xedapenei buruzkoa da. Arteztarau hori uztailaren 12ko 25/1994 Legearen bidez (gero, 22/1999 Legeak aldatu zuen) berendu zuen Espainiako legediak .

Mugarik gabeko Telebista izenaz ezaguna den arteztarauan, Europako merkatu bakarrean telebista saioak igortzeko baldintzak ezarri ziren; 1989an egin eta 1997an eguneratu zuten. Gainera, 2005eko abenduan berrikusi egin dute (COM (2005) 646) eta kanal askotako irratidifusio digitalaren eraginaren eta hedabide elektroniko berrien sorreraren gaineko zuzenketak proposatu dituzte.

Europako araudiaren beste alderdi esanguratsu bat MEDIA 2007 (COM (2004) 470) Batzordeak proposatutako programa da; gaur egun ikus-entzunezkoen sektorerako dauden babes programak (MEDIA Plus eta MEDIA Prestakuntza) ordezkatzea du helburu. Proposamenaren arabera, programa bakarra izango da eta orain arteko bi alorrak uztartuko ditu (garapena, banaketa, sustapena / prestakuntza)

Programak ordezkaritza-bulegoak ditu Europan (Desks & Antena bulego sareak) eta Euskal Herrian Donostian dago Media Antena Euskal Herria.

Espainiako Administrazioak hainbat ekimen bultzatu ditu, Estatuan ikus-entzunezkoen sektorea sustatzeko. Hala ere, Espainiako autonomia erkidego guztiek beren dekretu eta aginduak sortu dituzte, tokian tokiko sektorea sustatu eta laguntzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 338/2003 Dekretuak, abenduaren 29koak, arautzen du Erkidegoko ikus-entzunezkoen ekoizpenaren finantzazio-erregimena, eta hainbat tresna ekonomiko garatzen ditu, ikus-entzunezkoen ekoizpena bultzatze aldera. Helburu horrekin, aurrerakin itzulgarriak, interes-tasa baxuko maileguak eta beste esparru batzuetako (teknologia, berrikuntza enpresentzat dauden hainbat laguntza eskaintzen dira.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezkoak sortu, garatu eta ekoizteko laguntzak ematen ditu, baita euskara bultzatu, zinemaldiak antolatu eta atzerriko jendearekin lankidetza proiektuak egitekoak ere.

Gai honi dagokionez, Bilbao Film Commissionek hirian ikus-entzunezkoen ekoizpena arintzeko informazio baliagarria eskainiko du eta alor horretan Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen legediaren berri emango du.